2013/04/13

Zarama "Dena ongi dabil" (1987)

Berriki, Biarritzen gelditzen diren disko denda bakarrenetakoan altxorrik bazenez miatzen ari nintzela, euskal musikari zuzendu xoko urrian binilo interesgarri batzuekin topo egin nuen : Kortatu-ren El Estado de las Cosas, Negu Gorriak-en Borreroak baditu milaka aurpegi, Baldin Bada-ren Lur azpian bukatuko duzue eta Zarama-ren Dena ongi dabil. Denak herri honetako musikaren historia ez hain ttikian, ezinbertzekoak. Denak, hemen aipatuak izatea merezi dutenak.
Bertzeen txanda laster etorriko den segurtamenarekin, gaurkoan, Bizkaitarren hirugarren diskoaren aipamena egitea erabaki dut. Arrazoinak anitz dira. Lehenik, Mintxoriak-ekin batera, Santurtziko taldea izan zelako zuzenean ikusi nuen lehena. Denboran, Saran, maiatzaren lehenaren bezperan antolatzen ziren Gau Pasa horietarik batean izan zen. Lagunen artean partekatzen genituen kasetei esker, taldearen kantu gehientsuenak aitzinetik ezagutzen nituen eta abesti horiek bertatik bertara entzutea, aparteko bizipena izan zen. Geroztik, dozenaka kontzertu bizi izan ditut, ia beti ilusio berarekin, eta Zarama-renak ere dexente izan dira, Saratik Erratzura, Lekornetik Senperera.
Kaseta horien artean, bazen bat arras azal deigarria zuena. Harri-jasotzaile bat indarka erakusten duen Dena ongi dabil. Indarrez, Gaua apurtu arte, Bostak bat, Zaramak disko azalak beti bikain landu ditu eta disko hau CD formatuan bi aldiz izanik ere (horietarik bat, Egin egunkariarekin noizbait erosia), arrazoin nahiko izan daiteke biniloan ere eskuratu nahi izateko, askoz ere ederragoa baita formatu handian, noski. Baina Dena Ongi Dabil ez da bakarrik azala. Urrundik ere. Mamia ere badu. Eta ez nolanahikoa. Nire uste apalean, euskal punkak inoiz eman digun lan borobilenetarik bat da. Eta zergatik ez erran, disko perfektua da. 11 kantu, 11 himno. Bihotzak Sutan, Elkarrekin, Dena Ongi Dabil edota kalimotxoz mozkorturik apirilaren 30ean Sarako plazaren erdian ozen eta harro Maiatzaren lehena kantatzen zuen belaunaldi oso baten diskoa. Kantu guzi horiekin oldartu ginen eta Euritan-ekin maitemindu.
25 urte berantago, iazko Herri Urratsen, 5 urteko semearekin Roberto Moso eta bere lagunak berriz ikusi ahal izan nituen taula gainean. Kalimotxorik ez oraingoan, baina gaztaroan zehar hain hurbil sentitu kantu horiek bihotza berriz sutan jarri zidaten. Biarritzeko dendako biniloak ere bai.

Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2013ko apirilaren 22an

Fred Berruet