2007/09/06

Gainsbourg gainbegiratuz (2008)

1991ko martxoaren 2an, «aza buruko gizona» zendu zen, aparteko kantu sorta utziz. Hamazazpi urte berantago, frantses artistarik preziatuenetarik bat bilakatu da Ingalaterran eta Estatu Batuetan. Eta Euskal Herrian zer? Kultura eta hizkuntza gertutasuna dela eta, Serge Gainsbourg oso pertsonai ezaguna da Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoan. Alta, hego Euskal Herritik etorri da bere kantak euskaratzeko ideia. Erronka handia zen eta ariketa arriskutsua. Garik irekitzen du Gainsbourg Gainbegiratuz hau, beretzat idatzia dirudien L’Anamour kantuarekin. Ondotik, Mikel Agirrek, frantses kantariaren alde poperoena agerian uzten du, L’Eau à la bouche dotore batekin. Juankar Landak eskaini La Chanson de Prévert kantuak aipamen berezia merezi du, nostalgiaz betetako tronpeta bikain batek jatorrizko kantua beste dimentsio batera eramaten baitu. Estanis eta Saioaren La Décadanse kantuaren bertsioa ere, diskoko hoberenetan koka daiteke. Izan ere, emazte eta gizon ahots biekin datozen abestiak guztiz eraginkorrak dira. Horrela, Jone Gabarainek eta Juankar Landak abesten duten Ballade de Johnny Jane gozoaren harmonika doinuak, kantu ezagun honen bertsio fidelari ikutu pertsonal polita ematen dio. Gauza bera esan daiteke saxofoiak aberastua heldu zaigun Je t’aime moi non plus abesti mitikoaz, Mikel Agirrek eta Amaia Intxaustik osatu bikoteak ezer gutxi zor diolarik Gainsbourg-ek eta Birkinek osatzen zutenari. 15 kanturekin, popa, rocka, reggae-a eta jazza uztartuz, disko hau egiazko balentria artistiko bat da, Euskal Herriko musikari eta ahots bikainak biltzeko gai izan dena, frantses kantari handi honen kantutegiaren kalitate aparta frogatzeko. Gainbegirada bat baino gehiago.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet