2007/10/01

La Polla Records "Bocas" (2001)

La Pollaren disko berri bakoitza beti gertaera garrantzitsua da Euskal Herriko musika munduan. Aguraindarrek kontzertuetan edo dutxa azpian kantatzeko errex diren kantuen egiteko gaitasun aparta aspaldi frogatua dute eta disko honek ez digu gauza berririk ekartzen, alde hortarik bederen. Zeren eta beti atxematen da beren diskoen entzuteko arrazoin bat, eta beti atxematen dute gure belarria erakartzeko modua. Hogoi urte punk rocka egiten dutela, eta hala ere kantu bakoitzak badu bere leloa, bere nortasuna eta bertzeekin nahastezina da. Hemen ere beraz, sekulako himnoak baditugu. Berritasun nagusia, zalantzarik gabe, Evaristo euskaraz kantatzerat animatu dela. Zuzenean gaitzeko eragina ukanen duen abestia, dudarik ez. Koruek indar izigarria ematen diete kantuei, kolaboratzaile anitzen laguntzarekin. Taldeak beti gogoan geldituko diren punk eresi andana bat egina du, bere 20 urteko musika ihardueran plazaratu diskoetan. Hitzen bidez, beren arrangurak eta aldarrikapenak agertzen dira. Estatu Batuen inperialismoa (Fucking U.S.A.), udako abestiak (sardina) edo rock izarrak (Gaseosa la clashera), denek entzun beharrekoak entzuten dituzte, eta denbora berean guk ere. Diskoaren bukaeran opari bezala, « Banco Vaticano », 1981ean grabatu kantua agertzen da. Atzo balitz bezala…

Fred Berruet