2014/06/22

Shannon Wright "In Film Sound" (2013)

Kasik 15 urte badira Shannon Wright Estatu Batuarrak bakarkako bideari ekin ziola. Engoitik, ez dauka ezer frogatzerik eta nahi duena egiten segitzen du. Kontzesiorik egin gabe, bere gogoari jarraituz, entzunaldien poderioz zirraragarriak suertatzen diren diskoak sortzen badaki.
Disko berri hau zabaltzen duen Noise Parade abestiak bidea erakusten du : In Film Sound abrasiboa eta sutsua izanen da. Gitarra, baxua, bateria, soinu tresna nahiko dira barneko amorru guzia kanpora botatzeko. Distortsioen gibelean, ahotsa iluna da, sorgindua bezala. Goo edota Daydream Nation garaiko Sonic Youth bati pentsa daiteke, pozoi pixka bat gehiagorekin halere. Gordintasunean izan ala sentsibilitatean, Shannon Wright-en disko bakoitak intentsitate bera dauka, Who’s Sorry Now bezalako kantuetan erritmoa mantsotzen denean ere. Disko honekin, musikari handi honek rock’n rolla berriz ere gora eramaten du, leialtasun miresgarri batekin.
Fred Berruet

(Kronika hau 2013ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)