2014/10/23

Bob Mould "Beauty & Ruin" (2014)

Hüsker Dü eta Sugar taldeekin rockaren historiaren kapitulu eder batzu idatzi ondoan, Bob Mould-ek bakarkako ibilbideari ekin zionetik, etengabeko konparaketei aurre egin behar izan die. Baina azkarra dugu gizona. Iraganeko kontuak ukatu baino, nahiago du horietan oinarritu. 

Iaz Silver Age diskoarekin dotorezia eta talendua ez zituela inondik ere galdu frogatu ondoan, Beauty & Ruin hamaikagarren lana indar berarekin datorkigu eta betiko moduan, kantu bikainez josita. Horrela Hüsker Dü-ren garaia oroitarazten diguten kantuak badira (Little Glass Pill, Kid With Crooked Face), bai eta duela 20 bat urte Sugar-ekin egin punk-pop himnoak gogora ekartzen dizkiguten horietakoak ere ( I Don’t Know You Anymore). 

Halere, 53 urteko gizonaren esperientziaz baliaturik, Beauty & Ruin-en musika esparrua oraino zabalagoa da, Low Season power baladatik Let The Beauty Be akustikoraino. 
Fred Berruet 
(Kronika hau 2014ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)  
 
♪♫ Kronika "Hitz eta Putz" saioan (Euskal Irratiak) - 2014-10-23 ♫♪