A.C.T Kristian Aduriz Lapurtarraren proiektua dugu, ordenagailu bidezko musikan berezitua den soinu aditu honek 2000. urtean abiatu zuena. Revenge Toy eta XL aitzineko lanak nagusiki instrumentalak baldin baziren ere, Lilurarik ez disko berriko 15 kantuen sortzeko, hainbat musikari eta kantari gomitatu ditu. Hala nola, Moving Around kantuan, Hint taldeko Arnaud Fournier jaunaren saxoa entzun daiteke, bertze hiru kantutan agertzen den MZ Sunday Luv-en ahotsarekin batera.
Disko guzia indarraren eta melankoliaren artean ibiltzen da : gitarra soinu indartsuak atxematen ditugu bai eta NIN bezalako taldeak oroitarazten dizkiguten indus erritmoak ere.
Horrez gain, tarteka zati psikedelikoak badira eta trip-hop nahiz noise eraginak ere ez dira eskas.
Azkenean disko berri honek, definitzeko aski zailak diren 15 kantu eskaintzen dizkigu, pazientzia eta entzunaldi desberdinak eskatzen dituzten horietakoak. Ausartzia eskertua da. Kalitatea bermatua.
Fred Berruet
(Kronika hau 2015eko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)
♪♫ Kronika "Hitz eta Putz" saioan (Euskal Irratiak) - 2015-02-05 ♫♪