Zortzi kantuz osatu lehen disko honekin, hirukoteak Euskal Herri guziko musikazaleak ustegabean harrapatu ditu. Disko honek egiazko apustu pertsonal eta freskagarria dakarkigu. Musikalki, erritmika sendoa jaun eta jabe agertzen da, Peioren baxu potoloa eta Bixenteren bateria kolpeak lagun. Oinarri horri, Jon-ek testu zirikatzaile batzuen errapeatzeko daukan dohain bikaina gehitu eta kupidarik gabe, beren mundu zoologikora sarrarazten gaituzte.
Makakak, Oreina, Axeria, Zakurrak, Lakastak... Hirukotearen izena kontutan harturik, ez da harritzekoa kantuen izenburu guziek animaleen unibertsoarekin zerikusia baldin badute. Autoekoiztua den disko honen zati bat Aiherran grabatu dute eta beste bat Donibane Ziburuko gaztetxean.
Banaketa aldiz, ia eskutik eskura egiten dute, baina zootaldea.bandcamp.com webgunean kantu hauek entzuteko eta deskargatzeko aukera jarri dute ere.
Fred Berruet
(Kronika hau 2016ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)