Nat Cazarré eta
Txomin Etxebertz gitarretan, Pat Gline baxuan, Cédric Lépine baterian eta Beñat
Bizkai ahotsean. Hauek dira TORII lapurtar taldea osatzen duten kideak. 2012an Lehenbiziko atea izeneko maketa eta 2014an 3 kantuz osatu EP bat atera
ondoan, hemen dugu Zimur sendoak izeneko lan berria.
Aldaketa lehen
entzunalditik somatzen da. Taldeak aitzin-urrats berri bat eman du oraingoan. Produkzio
landuago bat lortzeko asmoz, kantu berri hauek
Karlos Osinaga-rekin grabatu dituzte Tolosako Bonberenean. Steve Albini euskaldunak eginiko lana
ikusgarria gertatu da beste behin ere. Boskotearen musikari beste indar bat, beste
dimentsio bat ematen dio. Horretan zerikusia izan du masterizazio lana egin
duen Jonan Ordorika-k ere noski.
Musikalki, post-rock kutsuko 6 kantu gitarrero
aurkituko ditugu, melodiek ere funtsezko tokia badutelarik. Aipagarriak dira
ere Beñat Bizkai-ren kantaera pertsonala eta kantu bakoitzeko erritmo aldaketa
ausartak ere. Disko berri hau Cédric Lépinek eta Jurgi Ekizak bultzatu Ipar
Orratza disketxe berriko lehen ekoizpena da. Txalogarria zinez, ipar Euskal
Herrian horrelako proiektuak sortzen ikustea.
Fred
Berruet
(Kronika hau 2016ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)
♪♫ Kronika "Hitz eta Putz" saioan (Euskal Irratiak) - 2016-11-17 ♫♪