2007/09/17

Cali "Menteur" (2005)

Bigarren haur baten aita izateak eta L’Amour Parfait orain duela bi urte atera lehen disko hartako arrakastak ez dute ipar Kataluniako kantaria batere lasaitu, itxuraz. Izan ere, Menteur-ek bere aitzinekoaren sukar berbera du, hainbesterako non estreinako disko bat dirudien. Ohi duen bezala, Cali amodio istorio etsituez, denek ditugun beldurrez mintzo zaigu bere usaiako gordintasunarekin. Egia da inork baino hobeki menperatzen dituela bihotzeraino zuzen doazen hitzak, frantses kantagintza erromantikoaren maisu ukaezina bilakatzeraino. Oraingoan gainera, gomita anitzen laguntza ukan du bere kantuen apaintzeko. Hala nola, Mathieu Chedid-en gitarra bizia lau abestitan entzun daiteke, bai eta Luke taldeko Damien Lefèvre-ren gitarra basatiagoa Je te souhaite à mon pire ennemi kantu mingo-tsean.Perpinyanen eta inguruetan jadanik profeta baldin bada ere, oraino jarraitzaile gehiago biltzeko aukera guziak baditu single apartak izatekotan diren Pour Jane, edo Tes Yeux pop balada gozoei esker. “Nor axolatzen da nitaz ?”, dio lehen kantuan... Disko hau entzun ondoren, ez zait iruditzen kezkatzeko motiborik baduenik. Ez horixe.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet