2008/03/19

Gang Of Four "Entertainment !" (1979)

Bloc Party-tik Franz Ferdinand-eraino, Radio 4-eko beren kopiatzaile ofizialak ahantzi gabe, Gang of Four ezinbesteko erreferentzia da gaur egungo talde askorentzat. 1977an, Leeds-eko lau ikasle, Ingelaterrako “working class” famatutik atera lau musikari gaztek talde bat osatzea erabaki zuten : Jon King ahotsean Andy Gill kitarran, Dave Allen baxuan, eta Hugo Burnham baterian. Punk uhinaren erdi-erdian sortua izanik, Gang Of Four-ek punk soinu minimalista bat dauka noski, bainan bere ekarpen nagusia punkaren indarrari funkaren eragina txertatu izana izan zen. Baina hori ez da dena. Taldeak erritmo aldaketetan eta halako bapatasun eta freskotasun batean oinarritu abestiak sortzen jakin du, post-punk mugimenduko aitzindiarietarik bat bilakatuz. Horri guziari, The Fall-eko Mark E. Smith-enetik hurbil dagoen Jon King-en ahotsa gehitu eta hor daukagu Gang of Four-en soinuaren berezitasuna. Baina GOF ez litzateke GOF izango bere engaiamendu politikorik gabe. “Entertainment” hau testu politikoz beterik dago. Bretaina Handiaren eta bereziki Tatcher anderearen politikaren aurkako kantuez josia dago. Gang Of Four izena bera garai hartako komunista talde baten izenetik dator. Ezbairik gabe, lehen lana izan duen “Entertainment ! “ hau taldearen maisulana da, ondoko belaunaldietako beste askoren oinarria. Post-punk disko honen soinua bikaina da hasierako "Ether"-ek, eta abesti apartak diren "Anthrax", "Not Great Men" edota "At Home He's A Tourist" kantuek erakutsi bezala. Bere aldetik, "Damaged Good" haribitxiak berak, bakoitzaren diskotekan ezinbestean egon behar lukeen disko honen erosketa justifika dezake.


Fred Berruet

♪♫ "Diskoteka Ideala" saioa (Euskal Irratiak) - 2008-03-19 ♫♪