2007/08/20

Macy Gray "The trouble with being myself" (2003)

On How Life Is eta The Id lan arrakastatsuen ondotik, Estatu Batuetako soul berriaren erreginaren hirugarren diskoa dugu hau. Ohi duen bezala, soul, funk eta rockaren arteko oreka ezin hobea kausituz, dantza egiteko disko aproposa egin digu. Edozein gaualdi girotzeko aparta. Egia erran, bide berririk ez du jorratzen : zergatik ba? Ba ote da soul-musika baino doinu beroago eta sentsualagorik ? Mota horretako diskoetan bezala, gitarra apala jaun eta jabe agertzen da, bainan koruek ere toki garrantzitsua dute hemen. Horrela, diskoko 12 abestietan zehar, Macy-k oso gutxitan abesten du bakarrik. Besta handi horren antolatzailea baino ez da. Jai guzietan bezala ohorezko gomita bat behar, eta Beck jauna deitu du, It ain’t the money kantuan abestu eta gitarra jotzen duelarik. The trouble with being myself-ek bat-batean grabatua dirudi. Norbaitek besta erraldoi horren argazki bat hartu nahi izan balu bezala. Ezin uka ere, udako arrakastak erraz bilakatuko diren doinuak barra-barra atxeman ditzakegula hemen. She ain’t right for you, Come together, She don’t write songs about you lekuko. Lan honekin, Diana Ross eta Aretha Franklin-en ildotik, Macy Gray-k berekin besta egitera gomitatzen gaitu. Xanpaina baldin bada gainera, baliteke gaua luzea izatea…

Fred Berruet