2007/10/02

Rubin Steiner “Wunderbar Drei“ (2002)

Mende berriko jazza

Bere bigarren diskoan, Rubin Steiner-ek jazz elektroniko dotorea eskaintzen digu


Alemaniarra dirudien izen horren gibelean, rock mundua ongi ezagutzen duen Fred Landier frantsesa gordetzen da. Izan ere, 90. hamarkadan, rock talde andana bateko gitarra joilea izan da, irrati emankizun bat animatu du, musika aldizkari batez arduratu da… Bainan musikazale amorratu honek zerbait berri egiteko irrikitan zegoen. Ordenagailu bat erosi, izengoiti bat atxeman, eta laster musika elektronikoa lantzen hasi zen. Orain, DJ edo laukote bezala agertzen da jende aitzinean. Wunderbar Drei bere bigarren iraupen luzeko lana dugu, 2000. urtean plazaratu Lo Fi Nu Jazz-en ondotik. Aitzineko lanean zabaldu bideari jarraitzen dio hemen, hip hop, breakbeat, house, eta jazzaren arteko nahasketa kausitua eskainiz. Anitzetan serioegitzat daukagun jazzari ikutu alaiagoa ematen lortzen du. Baina gehienbat azpimarratzekoa da, Tours-eko mutil honek filma musikak diruditen zatien sortzeko duen gaitasuna (“Espagnolade”, “Wunderlande”). Bertzalde, diskoak funk musikaren eragin nabarmena dauka ere (“Battle of the cave“). Nahasketa handia izanagatik, aldiro, emaitza dotorea gertatzen da, eta elektronika disko txukun baten aitzinean gaudela ezin uka. Grabaketa honekin, Rubin Steiner-ek, bakarrik eta material guttirekin noraino joan ziteken ikusi nahi zuen, bainan amaturra dela ez du ahanzten. “Do it yourself“ punk leloa hitzez hitz aplikatuz, disko honetaz baliatzen da rockaren eta musika elektronikoaren arteko zubiak zeharka errexak direla erakusteko.

Fred Berruet