Fred Berruet
2007/07/30
Spiritualized "Sweet heart, sweet light" (2012)
Egunero modako talde berriak jalgitzen diren honetan, Spiritualized beti hor egon da 1990an sortu zenetik. Lau urte joan dira Songs In A&E bikain hartarik eta itxuraz osasun arazoetaz sendaturik, Jason Pierce eta bere lagunak plazerraren eta malenkoniaren usaineko lan batekin datozkigu. Beti bezain poperoa, askotan psikedelikoa, izpirituan nahiko rokeroa, ingles taldeak lasaitasunaren bidean jarraitzen du, dotorezia eta sentsibilitate osoz, amaigabeko sormena arma gisa harturik. Spiritualized-en eraginak zabalak dira, baina ideiak argi dauzkate. Munduko kantu egile handienak lotsarazteko kantuak dituzte eta moldaketa apartak : koruak, kobreak, bibolinak, pianoa, denak beti behar den unean bikain baliatuak. Zazpigarren disko honetan, pop kantu gozoak badaude (Little Girl, Mary), baladak (Too Late, Freedom, Life Is A problem), abesti biziagoak ere (Hey Jane) , bai eta So Long You Pretty Thing bezalako himnoak.
Halere, ez dut uste Sweet Heart Sweet Light honekin taldeak modako taldea izatera iritsiko denik. Horrela nahiago.