2007/09/18

This is So Foot (2005)

So Foot, futbolaren ikuspegi kulturala daukan frantses aldizkaria da. Bereziak, dirudienez aski eroak ere bai, aldizkaria egiten dutenek umore anitz badute batez ere. Oraingoan CD bat eskaintzen digute, gai nagusia baloiarentzat daukaten mirespena delarik, noski. Eta Erresuma Batuan futbola pasio bat baino gehiago izanik, kantu gehienak handik atera dizkigute. Diskoa Raymond Bizarrek (frantses negargarri batean!) Eric Cantonari egin omenaldi bitxiarekin zabaltzen da. Ondotik, Ryan Giggs-en aldeko rock laudorioa eta Joe Strummer zenak idatzi Tony Adams Arsenaleko jokalariaren omenezko ereserkia agertzen dira, Clash-eko kidea zena gunner zale amorratua zela erakutsiz. Lord Kitchener calypsoaren erregea ere lanari lotu zaio lelo bakarrarekin: futbolaren hiri nagusia Manchester da! Bestalde, John Holt jamaikarrak jarraitzaileak sosegatzen ditu Hooligan lasai batekin. Punk doinuek ere, nola ez, tokitxo bat daukate bilduma honetan. Horrela, Sham 69-en If The Kids Are United eta Cockney Rejects-en I’m Forever Blowing Bubbles abestiek Anfield ala Old Trafford-eko jarraitzaileen erdira eramaten gaituzte. Disko hau, futbola zure neska lagunari maitarazteko biderik errazena izan daiteke. Proba ezazu.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet