2014/06/22

Aguxtin Alkhat - Elkarrizketa (2013)

Aguxtin Alkhat Heletarrak Ihes Egin lehen diskoa kaleratu du. Disko honen nondik-norakoak aipatzen dizkigu. 

Urteetan bakarrik ikusi zaitugu zure gitarrarekin, han-hemanka jotzen. Nondik, etorri zaizu talde hori osatzeko ideia ?

Egia da hainbat urtez ibili naizela bakarlari gisa kantuak egiten eta aurkezten, batez ere Ipar Euskal Herrian antolatzen ziren kantu txapelketetan eta han hemenka ostatuetan. Ez dut baitezpada bakarlari gisa aritzea hautatu, baina bizi naizen eskualdean, garaian ez zegoen musikari ainitz, eta kantugintza maite nuenez, erabaki nuen molde hortan aintzinatzea. Beti amets bat izan da talde batekin aritzea, eta Usopop-i esker gauzatu ahal izan dut, disko bat grabatzeko proposamena egin didatelarik.

Nola sortu da Sarako festibal horrekin duzun harremana ? 

Bi urtez ari izan naiz folk talde batean Inahala deitutakoa, eta egia erran Sara izan da seguraski gehien jotzeko ahala eskaini digun herria. Horri esker ezagutarazi nituen ene sorkuntzak herri huntako gazteeri. Usopop elkarteak, festibalaz aparte, eskertu nahi izan zituen bertan lanean zebilen jendea egun goxo bat antolatuz. Ikusiz Inahala desegin zela, proposatu zidaten egun hartan jotzea molde akustikoan Battitta Elizalde, aspaldiko musika lagunarekin. Azkenean, bakarrik joan behar izan nintzen eta hortik aintzina gauzak erabat aldatu dira niretzat. Musika asko entzuten zuten jende horiei nire musika gustatu zitzaien eta hortik guttira diska bat grabatzeko proposamena egin zidaten.

Nola joan da diskoaren sortze prozesua ? 

Aski naturalki egin da. Baneuzkan jadanik, zenbait kantu, nire xokoan onduak, baina taldearekin egokitzeko orduan, zenbait bazterrean utzi ditugu eta beste batzu sortu behar izan ditut, diskoko kantuez aparte, kontzertuetako set bat osatzeko. Entseguak egin ditugu eta egia erran Julien, Félix eta Xanekin ezin hobeki kausitu gira, entsegu bakoitzean kantuak ontzen joan dira, musikari apartak direlako eta kantuak gustatzen zitzaizkielako.

Erran duzu noizbait Euskal Irratiek garrantzia handia ukan zutela zure kulturan. Zure ustez, etxean jaso duzun euskal kultura hori nola agertzen da zure kantuetan ? 

Etxean jasotako kultura kantu bakoitzean aurkitzen da, nire aita bertsolaria zen eta ttikitik bertso idazten hasi nintzen. Geroztik errimek leku garrantzitsua dute nire abestietan, nahiz eta ez naizen bertsolaritzan bezala, errima pobre edo aberatsetaz axolatzen. Zentzuari inportantzia jartzen dut lehenik. Bestalde euskal irratiek inportantzia handia ukan dute, bertatik entzun baiditut euskaraz aritzen ziren talde edo bakarlari guziak. Gogoratzen naiz, irratiari esker ezagutu nuela Hertzainak taldea eta aitari eskatu niola kazeta erostea. Hertzainak-en Onena kazeta oparitu zidan eta hau izan zen musikarekin ukan nuen lehenbiziko lotura sendoa. Disko horren abesti guziak gogoz dakizkit aspalditik eta nik uste ez ditudan sekulan ahaztuko.

Nola ikusten duzu gaurregungo ipar Euskal Herriko musikaren panorama ? Eta Euskal Herrikoa ?

Ipar Euskal Herriko taldeak bide onean dabiltz. Originalitate eta nortasun berezia dute, estilo guzietan. Izate, Willis, If Renaud was a punk, Sparteens, Unama, Piarres, The Enterprise, Islaia... Denak ere talde onak eta beti plazer bat da hoien entzuten egotea. Hegoaldean ere Belako bezalako talde batek kriston freskotasuna ekarri du Euskal Herriko musika panoraman, betikoak ahantzi gabe, Berri Txarrak, Gatibu, Morau, Ruper, Fermin, Gari, Petti, Joseba Irazoki, Urdangarin eta bakarlari berriak, Josu Bergara adibidez. Euskal musikaren urrezko garaia ez dugu atzean, aurrean baizik, lehengoeri esker, aurrera goaz, bide onetik. Hurrengo pausoa, nazioartera jotzea izango da hoietarik zenbaitentzat; batzu hasiak daude eta horrek segituko du.

Zer dira hemendik goitik dituzun proiektuak ? 

Kantu ugari sortu, talde hunekin jarraitu eta kontzertu asko egin, hori baita nire amets handiena : Euskal kantugintzan ene leku xumea egin eta sendotu, segitzeko bultzatzen nauten jendea eskertzeko, eta beste kantu egileei euskaraz aritzeko gogoa sorrarazteko.

Fred Berruet

(Elkarrizketa hau 2013ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)