2014/06/22

Deerhunter "Monomania" (2013)

2013ko martxoan Deerhunter-ekoek disko berria “gaueko garage” estiloan izanen zela iragarri zutenean, zertxobait beldurtu egin ginen. Monomania honen lehen entzunaldiak erabat lasaitu gaitu haatik, eta ondoko entzunaldiek are gehiago. Izan ere, aurtengo disko ederrenetarik bat dugu hemen. Atlantako mutilek biziki lan borobila egin digute, bereziki kontutan hartzen bada Josh McKay baxujoilea taldeari berriki txertatu zaiola eta Bradford Cox eta Lockett Pundt Lotus Plaza eta Atlas Sound bezalako egitasmo paraleloetan ibili direla azkenaldian.
Punk estetikan eta horrelako kitar soinu vintage eta lainotsu batean oinarrituz, aniztasun harrigarria erakutsiz, Halcyon Digest-en handitasuna egin zuen pop hurbilketa mantentzen jakin dute, beren musika oraindik urrunago eramateko. Boskotea eroso dabil, bai abesti melodikoetan (Neon Junkyard, The Missing) bai zarata gehiago ateratzeko orduan ere (Leather Jacket II, Monomania). Urteetako esperientziak indarturik eta ia akatsik gabeko disko honekin, taldeak bere maisulana izan daitekeena egin du. Auskalo ez ote dioen talde handien klubean sartzeko aukera emanen.

Fred Berruet
(Kronika hau 2013ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)