2014/06/11

Sleaford Mods "Divide and Exit" (2014)

2006an Nottingham aldean sortu bikotearen disko berriak, Austerity Dogs aitzineko diskoaren urratsak jarraitzen ditu : musika minimalista, baxu potolo errepikakorra, programazio erritmikoa eta Jason Williamson-en ahots eta hitz-jario berezia. Azken hau, zirikatzaile bat baino gehiago, predikatzaile bat bezala ari da, ingles gordin batean bere aldarrikapenak botatuz, ingles rude boy baten axolagabe ber-berarekin. 

14 kantu berri hauek ingles punkaren izpiritua daukate. Hitzak erdi kantatuak erdi aldarrikatuak dira, Inglaterra iparraldeko akzentu berezi horrekin. Programazioak aldiz, dantzagarriak dira, hala nola Strike force, Tied Up In Nottz, edota A Little Ditty kantuetan. Konponketa konplikaturik ez hemen baina tarteka, teklatu nota batzu agertzen dira kantu biluztu horien zertxobait apaintzera. 

Egiazko musika manifesto bat da Sleaford Mods-ek hemen eskaintzen diguna. Bikoteak punkaren, hip-hoparen eta elektro minimalistaren arteko lotura aparta egiten duen errezeta biziki pertsonala badu, halako fusio zaharkitu batean sekula erori gabe. 
 Fred Berruet
(Kronika hau 2014ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da) 

 ♪♫ Kronika Goiz Berri saioan (Euskal Irratiak) - 2014-06-11 ♫♪