2016/01/19

Ekiza "bH036" (2016)

Bakarkako lehen disko honekin, gaur egun oraindik Willis Drummond Lapurtar rock taldeko kantaria eta gitarra joilea den Jurgi Ekizak, aurpegi berri bat erakusten digu. 

Ezin bestean, bere bihotzeko taldeekilako alderatzeak saihestezinak dira, bereziki gitarrak eta anplifikadoreak gorenean jartzen dituelarik. Aldizka Pearl Jam edo Mudhoney oroitarazten dizkigun 90. hamarkadako rock gitarrero
bat kausitzen dugu hemen, baina rock hori lasaiagoa eta samurragoa izan daiteke ere. Bai, Bertrant Cantat edo Troy Von Balthazar baten indarra eta sentiberatasuna oroitarazten dizkigun egiazko kantari bat da hemen agertzen zaiguna. Intimoagoa, xuxulartzen dakiena eta emozio desberdinak helarazteko gaitasun aparta duena. 

Disko nahiko iluna da hau. Iluna eta gordina. Bai eta hitzen aldetik ere. Horrelako bapatekotasun bat nabaritzen zaie kantuei, diskoa etxean egina izan den luxuzko maketa bat balitz bezala. Bakarkako proiektu bat izanik ere, Ekizak Cédric Lépine lagunaren laguntza ukan du baterian eta Karlos Osinaga arduratu da Tolosako Bonberenean iragan den kantuen grabazioaz. 

Diskoa Crowdfunding kanpaina arrakastatsu bati esker diruztatua izan da eta Bide Huts disketxeak banatzen du, CD, LP eta digital euskarrietan.


Fred Berruet

(Kronika hau 2016ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)

♪♫ Kronika "Hitz eta Putz" saioan (Euskal Irratiak) - 2016-01-21 ♫♪