2014/10/02

Islaia "Islaia" (2014)

2009an sortu Islaia taldearen disko berria bost kantu berriz osatzen da. Beñadin Lohiague-k (ahotsa eta gitarra), Imanol Zubieta-k (baxua), Laurent Martin-ek (teklatuak) eta Peio Hirigoien-ek (bateria) osatu laukoteak halako post-rock-progresibo bat eskaintzen digu. 

Beren erreferentziak Archive eta Radiohead bezalako taldeen artean kokatzen dira eta puntako talde horien antzera, Islaia-koek rockaren indarra emozioz beteriko zatiekin nahasten dute, talentu handiz. Askatasun osoz eta sormenari mugarik ezarri gabe, kantu luze eta korapilatsuak eraikiz, melodia bikainak eta orkestrazio landuak lagun, giro berezia sortzen badakite, entzulea sentipen desberdinetatik eramanez. 

Taldearen izen berarekin datorkigun lan berriko kantuen grabaketa eta nahasketa lanak Inigo Irazoki beratarrak egin ditu eta mastering-a aldiz, Jonan Ordorikak. Islaia, une honetan Euskal Herriko musika panoraman daukagun talde esanguratsuenetarik bat da. Pena liteke diskoa bakar batzuen eskuetan gelditzea. 
Fred Berruet 
(Kronika hau 2014ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)   

♪♫ Kronika "Hitz eta Putz" saioan (Euskal Irratiak) - 2014-10-02 ♫♪