Ez idurian, zortzi urte badira taldeak ez zuela estudioko lanik argitaratzen eta aitortu behar da New York-eko hirukotea erabat indarberriturik itzuli zaigula.
Taldekide berek jarraitzen dute : Jon Spencer gitarran eta ahotsean, Judah Bauer bigarren gitarrarekin eta Russell Simmins baterian.
Oraingoan ordea, pikutara ikutu elektronikoak eta aitzineko diskoetako esperimentazioak. Meat + Bone honek blues eztandaren lehen garaietara garamatza. Orduko energia eta bat batekotasun hartara.
Nabari da musikariak laketzen direla. Diskoa irakurgailuan jarri eta ezinezkoa da sofan jarririk egotea. Sukaldeko erratza ala egurrezko pala harrapatu eta zure burua gitar heroiren bat imitatzen aurkitzeko aukera galantak badituzu. Izan ere, blues-punk gitar doinuak eta funk erritmoak lehengo kemen eta freskotasun berarekin uztartzen dira hemen.
Disko honetan, biziki kantu onak badira, hasierako Black Mold-etik, azkeneko Zimgar-eraino. Bereziki JSBX-ek egiten dakiena egiten duenean. Blues-a halako soinu zakar batekin jotzea, alegia. Erdipurdiko abesti pare batek oroitarazten digute halere, perfekzioa ez dela mundu honetakoa. Abesti bakan horiek eta azal itsusi horrek. Bai disko honek azal ederrago bat merezi zuen, nere ustez. Baina pentsatzen hasita, barneko gordintasuna adierazteko ederki balio du.
Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko urriaren 17an
♪♫ Kronika Goiz Berri saioan (Euskal Irratiak) - 2012-11-14 ♫♪
Fred Berruet