2012/11/07

The Jesus Lizard "Down" (1994)

Begibistakoa da. 1990. hamarkadan, musika aldizkariek gaur egun baino askoz ospe handiagoa zuten. Internetik izan ezean, irratiarekin batera, musikazaleei berritasunak helarazteko bide bakarrenetakoak ziren. 

Testuinguru horretan topatu nituen RAGE frantses aldizkariaren lehen zenbakia eta harekin batera eskainitako CD-a. Disko hartan, Nofx, Burning Heads, Girls Against Boys, Sloy, Rancid edota Scorn bezalako taldeen abestiak baziren. Kantu on anitz beraz. Bizkitartean, benetan liluratu ninduena, bilduma hori zabaltzen zuena izan zen : The Jesus Lizard-en Destroy Before Reading aparta. Haren erritmikak harriarazi ninduen bereziki. Bateriaren eta baxuaren arteko jokoaz sortu soinu gordin harek.

1994an Touch & Go disketxe errespetatuak Down argitaratu zuelarik, Nirvana bukatu berria zen, Brit pop mugimendua iristear zegoen, Neo-metala sortzen ari zen, eta Grunge-aren arrasto batzu baino ez ziren gelditzen. Zutik, hilzorian zirudien rock amerikar kolpatuaren gainean, Jesus Lizardik (lagun batek horrela deitu izan ditu beti) bidea erakutsi zuen, bere disko ausartena eta inspiratuena ateraz.

Rock primitiboa, zakarra, konpromisurik gabekoa da Chicagoko taldeak egiten duena. Jazz ikutuz zipriztinduriko Fly on the wall eta Mistletoe bezalako kantuen erritmikak, 90. hamarkada hasierako hoberenetan koka daitezke, eskale baten itxurako David Yow-ren sudur ahotsak, ixtorio zikin eta patetikoak botatzen ditu eta Duane Denison trebearen gitarra, melodiaren eta tentsioaren artean ibiltzen da beti, nonbait blues errabiatuaren eta rock desitxuratu baten artean. 


Oinazea ez da inoiz hain ongi isladatua izan, Elegy bezalako harribitxiek frogatu bezala. Erran behar da disko hau gordinki grabatua izan dela, Steve Albini handiak egin ohi duen moduan, efekturik gabe. Kasik 20 urte joan dira argitaratu zenetik eta zinez iduritzen zait ongi baino hobeki zahartzen ari dela.

Delako bilduma hartako kantua makina bat aldiz entzun ondoren, Down erosi eta ondoren, sos aski irabazi bezain laster, erregularki Irungo Bloody Mary dendara joaten nintzen, Juankar eta Juxe-ren laguntza preziatuaz, taldearen diskografia osatzera.

Baliteke Chicagoko laukotea publiko zabalarengana iristeko bereziegia, eroegia izatea. Gauza bat argi da halere.
1998ko urriko gau batez Bergarako Jam aretoan bildu ginenok ez dugu erraz ahantziko bizi izandako rock’n roll ikusgarri hura. Jesus Lizard hori baita azkenean. Rock’n roll hutsa.

Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko azaroaren 12an


Fred Berruet