2007/09/06

ACT "XL" (2003)

Euskal Herriko hainbat hardcore eta noise taldetan gitarra eta baxua jotzen ibili ondoren, Kristian Aduriz Saratarra bere proiektu berriarekin datorkigu. Makinen lanean oinarrituz, Act-ek musika trinko eta indartsua eskaintzen digu, egiazko musika tresnak baztertu gabe. Baina ez pentsa modako dantzalekuetan entzuten den techno musikarik aurkituko duzula hemen. Zigilukide dituen Voodoo Muzakeko lagunek bezala, lapurtar gazte honek bide berriak jorratu nahian, arriskuz eta ustekabez beteriko lan freskoa grabatu du. Horrela, erritmika korapilatsuek unibertso enigmatiko batean murgilarazten gaituzte, entzulea errukirik gabe drum&bass eroenetarik noise indus zakarrenera eramanez. Bertzalde, diskoa apaintzen duten zine aipamenek irudiaren eta soinuaren harreman estua agerian uzten dute. Alabaina, Ipar Euskal Herriko ohiko iruditik urrun legokeen filma baten soinu banda dirudi. Diskoa Lapurdiko taberna batzuetan atzeman daiteke, bai eta acticom@free.fr helbidean eskatuz ere. Aipatzekoa da bertzalde, http://www.amanitarecords.com/FueLinstru/index.htm helbidean sartuz, bisitaria musikari bilaka daitekeela ahalezko tresna bati esker. Era berean diskoko zati batzuk entzun daitezke bertan.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet