2007/08/28

Autour de Lucie "Autour de Lucie" (2004)

Stéphane Alf Briat-en (Air-en Moon Safari eta Virgin Suicides, Phoenix-en United) ekoizpen lan paregabeari esker, Autour de Lucie-ren azken diskoa osatzen duten hamaika kantuak taldeak sekula egin ez dituen zuzenenak eta loratuenak dira. Hala ere, aitzineko lanak bezala, laugarren hau ere barneari begira dago. Emaitza orokorra baikorragoa, argitsuagoa baldin bada ere, kantuak beti bezain malenkoniatsuak dira. Taldeak pop harmonien freskotasuna berreskuratu du, melodia alaien betetasunari eta 70. hamarkadako teklatuen energia nahastezinari esker. Oraingoan ere, soka sekzioek luxuzko inpresioa oraino gehiago areagotzen dute. Horretaz gain, Valérie-ren ahotsak sekulan baino sentsualagoa eta aberatsagoa dirudi. Musikaren eta kantuaren urrats beroan, hitzak lotsagabe ari dira orain. Moldaketek ere ez dute tentsio unerik sortzen, horren ordez giroa lasaitzen laguntzen dute. Lehen baino efektu eta elektronika guttiago dago eta gitarra gehiago. Bertzalde, azpimarratzekoa da disko honetan gordetzen dela urte hasiera honetako pop kanturik borobilena: Personne n’est comme toi, amodio aitormen dinamiko eta baikorra. CD-arekin batera, diskoaren grabatze prozesuari buruzko 36 minutuko filma interesgarria aurkitzen da DVD formatuan.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet