2007/08/29

Phoenix "Alphabetical" (2004)

Bi mila urtean atera zelarik, United, Phoenix-en lehen diskoa entzuteko parada anitz izan zen Europa guzian. Frantzian izan ezik. Alabaina, Air-eko lagunek bezala, Pariseko laukoteak oihartzun gutti izan du orain arte bere jatorrizko herrian. United-en euforiaren ondotik, zalantzak ukaitea zilegi zen bigarren lan honi begira. Baina Alphabetical-ek duda guziak uxatzen ditu lehen kantutik: Everything is everything-ek berehala frogatzen du laukoteak ez duela ezer galdu. Are gehiago, aitzineko markak gainditzen ditu. Hori ederki frogatzen dute gailurra ukitzen duten You Can’t Blame It on Anybody eta Holdin’ on Together bezalako harri bitxiek. Berez, Phoenix-en soinuaren erroak 70. hamarkadan kokatzen dira. Pop single eraginkorren garaia oroitarazten du, Estatu Batuetako AM irratietan entzun zitezkeen garaia hain zuzen. Baina Alphabetical hori baino anitz gehiago da: folka eta hip hopa nahasten ditu Run Run Run-en, edo blues-funk galernatsu bat eskaintzen I’m an Actor-en, Prince baten moduan. Hori bai, batasun handiko diskoa da, groove eraginkorrena hastetik buru mantentzen duena eta erraztasunean erori gabe, arrakasta sorta ederra eskaintzen diguna. Erne! Badator Phoenix!

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet