PJ Harveyk hiru urte behar izan ditu Stories from the City… diskoaren jarraipena kaleratzeko. Delako hura, disko masiboa zen, ongi egituratua, eta ederki apaindua. Oraingo honetan, kantari ingelesa erroetara itzultzen da. Kantatzeko era primitiboa eta hastapeneko lanen soinu zakarra berreskuratzen ditu etxean grabaturiko disko berri honetan. Baina ez pentsa Dry edo 4-Track Demos sutsuen garaietara itzultzearekin konformatzen denik, ezta gutxiago ere. Aitzineko lanetan baino argi gehiago ipini du Uh Huh Her-en. Poza nabari da disko deseroso honetan. Gauzak bere gustura egiteko poza, bihotzarekin aritzeko poza, entzuleari ostiko batzuk emateko poza (lehen zatian) eta musu samur batzuk ematekoa (bigarren partean). Uh Huh Her PJ Harvey-ren lehen zinezko blues diskoa da. Hori bai, barne-barnetik ateratako bluesa. Berarentzat, musika egitea den-dena ematea da. Erakusten du ere, blueslari hoberenak ez direla sufritzen dutenak, kantatzen atsegin gehien hartzen dutenak baizik. Disko honekin, PJ Harveyk rock & rollaren historian daukan toki berezia oraino gehiago azkartzen du. Bere borroka pertsonala jarraitzen du, modari jaramonik egin gabe, askatasun osoz ari da eta horregatik egiten zaigu hain maitagarri.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet