Fred Berruet
2007/08/03
Beastie Boys "Hot Sauce Committee Pt II" (2011)
Beastie Boys taldeak toki berezia dauka azken hamarkadetako musikaren historian : Estatu Batuetako zerrendako lehen postura iritsi den lehen rap taldea izan da, aparteko disko eta kantu ahaztezin askoren egilea, eta oso musika estilo desberdinen arteko zubiak eraikitzen jakin du.
Badirudi "Hot Sauce Committee Pt II" honen erronka taldeak 90. hamarkadan zeukan musikalitatea berreskuratzea izan dela. Diskoa taldearen garai hoberenak oroitarazten dituen “Make Some Noise“ apartarekin hasten da. Hirukotearen historian zehar izan diren harribitxi horietarik bat. Bestalde, “Non Stop Disco Powerpack “edota “Tadlock’s Glasses” abestiek "Check Your Head" diskotik zuzen-zuzen ateraiak dirudite, “Ok”-ek "Hello Nasty"-ko abentura elektronikoen bertsio berri bat eskaintzen du eta " Here's a Little Something for Ya "-k "Ill Communication"-eko sanpleak zahar-berritzen ditu. Ohi bezala, Money Mark eta Mix Master Mike-ren laguntzaz, gustoko dituzten punk abestiak eskaintzen dizkigute (“Lee Majors Come Again” eraginkorra lekuko), bai eta funk doinuak ere (“Multilateral Nuclear Disarmament” instrumentala). Kolaborazio batzu badaude ere, hala nola Nas edota Santigold-ekin.
Egia da, "Hot Sauce Committee Pt II" honetako 45 minutuetan, Beastie Boys eroso dagoen tokitik ez dela ateratzen, baina beren saila ezin hobeto menperatzen dute eta beren musika oparoa eta freskoa da oraino.