2007/08/02

Noir Désir, 30 urtez frantses rocka gailurrera eramaten

2010eko urrian, Bertrant Cantat lehen aldiz eszenatoki gainera igo zen, Frantzia guzia astindu zuen Marie Trintignant-en erahilketa gertatu zenetik. Bordele ondoko Bègles herrian, Noir Désir taldeko buruak hiru abesti eskaini zituen, Eiffel taldekoekin batera. Bitxia izan zen 46 urtetan Iggy and the Stooges-en “Search and Destroy” hura saltoka abesten ikustea. Ez bakarrik bera jende aitzinean berragertzeak sortu eztabaidarengatik, agerraldi harek guztiz anakronikoa zirudielako baizik. Bapatean ohartu bagina bezala Noir Désir-en urrezko garaia benetan joana zela. Baziren kasik hamar urte joan zela, egia erran. Musika Ipodetan entzuten eta bere bizipen guziak Facebook-en bidez kontatzen dituen edozein neraberentzat, ezinezkoa da irudikatzea urte batzu lehenago bere adineko guziek “Noir Dez” baino ez zutela ahoan. Ezinezkoa da 80. eta 90. hamarkadetako testuinguruan kokatu gabe. Taldearen historia 1980an hasi zen, Bertrand Cantat (ahotsa), Serge Teyssot-Gay (kitarra), Denis Barthe (bateria) eta Frédéric Vidalenc (baxua) elkartu zirelarik Bordeleko lizeo batean. Denak AC/DC, Led Zeppelin eta The Who-ren zale amorratuak ziren. Entseatzen hasi ziren eta kontzertu andana bat eman zituzten 1987an “Où veux-tu qu'je r'garde?” lehen diskoa grabatu arte. Hasierako zaleek ongi badakite : garai hartan Noir Désir Gun Club taldearen kopia bat baino ez zen : kantatzeko era bera, kitarra soinu bera. Gauza da frantses rocklariek betidanik halako konplexu bat ukan dutela inglesez ari direnekiko. Noir Désir etengabe saiatu zen hori gainditzea. Hori lortzeko, hitzei garrantzi handia ematen zieten eta beren kantu gehienak frantsesez dira, bainan bere modeloa Ameriketan da : Bertrand Cantat-ek Jim Morrison miresten du eta eszenatoki gainean mugitzeko era beretsua zeukan, bai eta antzeko janzteko modua ere. Eta The Doors-eko buruari bezala, rock leloak oihukatzea ez zitzaion nahikoa. Berak ere nahi izan zuen “poeta” izan. Horretarako, bere hitzak frantses literaturaren erreferentziaz josiak daude. Halako erromantizismo ilun batez osatutako pertsonaia bat eraiki zuen beraz, bere karismo naturalak bikain laguntzen zuena. “Veuillez rendre l'âme (à qui elle appartient)” (1989) eta “Du ciment sous les plaines” (1991) diskoekin, taldea publiko zabalaren gana iritsi zen, bereziki irrati guzietan behin eta berriz entzun zitekeen «Aux sombres héros de l'amer» kantari esker. Bertrand Cantat-ek saminduraz komentatu zuen abesti haren arrakasta erraldoia :” «Jende askok testuak lehen zentzuan ulertu zituzten, marinel kantu bat zela uste zuten...” Halere, Noir Désir bere bidea aurkitzen ari zen, Téléphone eta Indochine taldeen gazteendako himnoen eta beherantz zetozen Bérurier Noir, edota Métal Urbain bezalako punk doinuen artean. Taldearen politisazioa izan zen Noir Désir 90. hamarkadako frantses talde enblematikoa egin zuena. Taldearen aro “politikoa” 1992ko “Tostaky” lanarekin hasi zen benetan. Musikalki grungetik eta Fugazi-ren hardcore-tik edaten duen diskoa dugu hau. Lan honen eta 1996ko “666.667 Club” lanaren arrakasta izugarria izan zen Frantzian. Izan ere 90. hamarkadan Oasis, Blur edota Radiohead bezalako izar berriak agertzu baldin baziren ere, rock alternatiboaren munduan erradikalismoaren eta sistemaren aurkako borroka urteak izan ziren. Frantzian, Noir Désir-ek 80. hamarkadako punkien borroka rockaren ildoa jarraitzen zuen eskuin-muturreko Front National alderdiaren aurkako hitzekin («Un jour en France») edota kapitalismoaren aurkakoekin («L'Homme pressé»). Jarrera horrekin, beren burua zertxobait anarkistatzat zeukaten ezkertiarren aldarrikapenen ahotsa bilakatu ziren : Marcos azpi-komandantearen alde agertu ziren eta 1997an Toulon-en jo zuten auzapez berria Front National-ekoa zela salatzeko. Garai hartan rocka naturalki nahasten zen politikarekin. Gauza bera gertatu zen 2002an “Victoire de la Musique” saria eman zietelarik : telebistan zuzenean zela, Cantat-ek Jean-Marie Messier Vivendi Universal taldearen disketxeko buruari erran zion : “Denak itsasontzi berean baldin bagaude ere, ez, ez gara mundu berekoak !” Asko izan dira aldarrikapen estilo hori berreskuratu duten taldeak : geroztik Noir Désir-en antza ikaragarria duten Eiffel, Damien Saez edota Luke bezalako taldeak agertu dira Frantziako rock paisaian. 2002an Noir Désir kasik denen gustokoa zen eta Barclay disketxearena bereziki. Erran behar da ohiko Frantziako kantagintzatik (Ferré, Brel) ausarki edaten duen “Des visages des figures” diskoaren salmentak oso onak izan zirela eta «Le Vent nous portera» single-ak ikaragarriko arrakasta ukan zuela. Baina 2003an “Vilnius-eko gertakari lazgarria” deitua izan zenak dena zapuztu zuen. 2003ko uztailaren 27an, Lituniako hiriburuan bere neska laguna Marie Trintignant aktorearekin zirela, kalapita bat sortu eta Cantat-ek kolpeak eman zizkion. Abuztuaren 1ean zaurien ondorioz hil zen. Cantat zortzi urtez egon zen preso eta urte horietan taldea geldirik egon zen. Kartzelatik atera zenean, taldea berriz osatuko zeranen zurrumurruak ez ziren gelditu, baina «Gagnants perdants» abesti berriak eta «Temps des cerises» kantuaren bertsoak erdipurdiko inpresioa utzi zuten. Gauza nabaria zen : urte horietan, rockaren mundua aldatu zen : 2000 urteen hasieratik, The White Stripes, Strokes edota Libertines bezalako taldeak agertu dira, rocka berritu dutenak, hori bai aldarrikapen sozialak alde batera utziz. Gaur egun, gehienetan, Frantziako rocka militantismo orotik kanpo dago. Sistemaren aurka oihukatzea ez da gehiago modan, itxuraz. BB Brunes-ekoak ez dira telebistan Warner-en buruaren aurka agertuko, ez eta Phoenix-ekoak etorkin errumaniarren alde . Azkenean 2010eko azaroan, taldearen banaketa jakinarazi zutelarik, bere bigarren heriotza bezala izan zen, benetako heriotza 2003an gertatu baitzen. Beharbada hori da hoberena gainera, horrela XX. mendeko talde nagusi bezala geldituko da eta zaleek diskoak lasai asko entzun ditzakete, taldekideen musika etorkizunaz arduratu gabe. Hemendik 10 urteetara taldea berriz osatu arte ?

Fred Berruet