Fred Berruet
2007/08/01
Dominique A "Vers les lueurs" (2012)
2012 hasieran bere estudioko lehen 8 diskoak berrargitaratu ondoan, Dominique A argiz beteriko lan berri batekin datorkigu. Izan ere, Vers les lueurs izenburu aproposa daukan 9. disko honetarako, leihoak handizki zabaldu ditu, eguzkia sarrarazteko. Frantsesez dotore kantatuak diren 13 kantu berri horiek halako bersortze bat erakusten dute. Lasaitasun eta segurtasun bat, agian aitzineko diskoetan hainbertze somatzen ez zena. Disko honen berezitasuna, burusoilaren musika organikoari beste ikutu bat ematen dion haize soinu tresna batzuen presentzian datza. Baina lasai, rock sustraiak beti hor daude. (Close West, Mainstream ). Dominique-k musikak eta ahotsak inoiz baino hobeki kontrolatzen ditu eta testuen dotorezia inoiz baino argiago uzten (Quelques Lumières, Le geste absent).
Halere, Rendez-nous la lumière eta Le Convoi bezalako abestiek frogatzen dute 43 urteko gizonaren kezka esistentzialak beti hor daudela. Ez, disko honekin Dominique A ez da erabat aldatu, baina urdinera (Vers le bleu) zuzentzeko hautua egin du. Urdin ilunera.