2007/09/20

Dropkick Murphys "The warrior's code" (2005)

Taldea 1996an sortu zenetik, Bostoneko zazpikotea berezia izan da, inork baino hobeki jakin baitu zeltiar musika, punka eta rockarekin nahasten. Izan ere, irlandar kulturak indar handia dauka aspaldian Irlandako etorkinei ateak ireki dizkien Estatu Batuetako hiri honetan. The Pogues eta Rancid taldeen arteko errezeta eraginkor honi esker, Dropkick Murphysek irlandar taberna baten giro herrikoian edo berdin punk gazte sutsu batzuen aitzinean jo dezake. The Warrior’s Code lan berria ez da usaiako ohituretatik aldentzen. Oreka ezin hobea eskaintzen du ohiko musika tresnez apaindu zati folklorikoen eta punk-rock abesti bizien artean. Kantu melankolikoek ere beren tartetxoa daukate hemen. Horrela, Your Spirit’s Alive taldekideek galdu duten lagun bati eskainia da eta The Last Letter abestian Iraken hil soldadu baten gutun baten zatiak entzun daitezke. Bestalde, The Walken Dead, Sunshine Highway, Citizen C.I.A. eta Your Spirit’s Alive etenaldi gutxiko disko indartsu honen une azkarrenak dira. Oraingoan, 1998ko Do or Die maisu lanaren maila lortu ez badu ere, Dropkick Murphysek munduan zehar gelditzen den Street Punk talde hoberenetarik bat izaten jarraitzen du. Ea laster zuzenean berriz ikusteko aukera dugun Euskal Herrian. Garagardo beltzak prest dauzkagu behintzat.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet