Fred Berruet
2007/09/30
Dionysos "Western sous la neige" (2002)
Dionysos taldea Frantziako Valence hirian sortu zen 1993an. Pixies zale amorratu hauek lizeoan elkar ezagutu eta zerbaiten sortzeko gogo biziz izanik, berehala elkartu eta musika egiten hasi ziren. Horrela agertu ziren taldearen lehen grabaketak, folkaren, hip-hoparen eta punk doinuen bidegurutzean, nonbait han. Nahasketa bitxia bai, baina hastapenetik emaitza ikusgarria (entzungarria erran behar genuke) gertatu zen, Dionysos-ek erakusti baitu ahal guttirekin ere, Estatu Batuetako lo-fi (horrela deitzen zitzaion 90. hamarkadako lehen parteko punk musikari) ekoizpen hoberenen maila erdiets zezakeela.
Baina gaurregun, Dionysos-ek toki berezia baldin badu Frantses estatuko rock munduan, gehien bat bere kontzertueri esker izan da. Alabaina, bere emanaldiak izigarri fisikoak dira eta behin baino gehiagotan gertatu da kantariak min hartzea eszenatokitik jauzi egitean.
Lehen grabaketa horietarik landa eta kontzertuak ematetik gelditu gabe, taldeak kantuak sortzen segitu du. 1999an argitaratu « Haïku »-rekin, bertze urrats bat egin zuen eta erakutsi ez zela lo-fi musika egitera mugatuko. Egiazko kantuak egiten baidaki Dionysos-ek. Bereziki haurren unibertsoa aipatzen duten kantuak sortzen trebea da. Alabaina, haurrek harritzeko duten gaitasuna, irudi irringarriak eta inozokeri poetikoa, horiek dira hitzen osagai nagusiak, izan daitezen frantsesez edo ingelesez. « Haïku » eder horren ondotik, zuzeneko emanaldietan grabatu zatiz eta bertze bitxikeriz osatu « Old School Recordings » lana plaratu zuten iaz, aurten « Western sous la neige » hau plazaratu aitzin.
Frantses hauen laugarren estudioko lan hau Estatu Batuetan grabatua izan da, Steve Albini ospetsuaren laguntzarekin (Nirvana, Pixies, The Jon Spencer Blues Explosion, Shellac, Les Thugs…) Albini, instrumentu bakoitzari berezko soinua emateko trebea da, eta bere lan baliosari esker Dionysos-en rock ero eta zalapartatsuak indar anitz irabazten du. Taldearen nortasunari ezer kendu gabe haatik. Eraginen artean Nirvana edo Pixies aitortzen baldin badituzte, « Rodeo »-k folk amerikarrean murgiltzen gaitu eta « Longboard train » edo « Surfin’Frog » bezalako kantuek Sloy edo/ta The Jesus Lizard-en soinua oroitarazten digute. Beren garaian Steve Albinirekin lan egin duten taldeak... Rock alternatiboaren geroa Frantzian ote ?