2007/09/29

Sofa Surfers "Encounters" (2002)

Encounters izenburuak elkartzea adierazten du. Disko honen egiteko, badirudi Austriako surflariak New-York-eko karriketan barna ibili direla. Alabaina, hamar bat raplarirekin elkartu dira hirugarren lan honen grabatzeko. Ondorioz, aitzineko grabaketetan Trip Hop-a zena, berriz Hip Hop bilakatzen da, diskoan zehar gomitatu bakoitzak egin ekarpenari esker. Bizkitartean, parte hartzaileen aniztasuna ikusirik, ezin erran Hip Hop disko huts baten aitzinean gaudela. Horrela, Dawna Lee-k soul ikutu bat ekartzen badu, Dalek edo/ta Sensational bezalako raplariek ez-ohiko flow estiloan murgiltzen dira. Bertzalde, musika moldaketak zentzuzkoak dira, batzuetan ilunak, bainan folkatik hurbil ere tarteka. Aitzineko lanetan jada agerian zen lur-azpiko dub zikin horrekin (entzun gitarra apal hori...), laukote hau Vienako ardi beltza bezala agertzen zaigu, hirian egin ohi den musikatik urrun, eta hiriko estuasuna isladatzen duen disko bat eskaintzen digu. Tentsioa barnean atxikitzen duen horietakoa. Bainan taldearen hirugarren ekoizpen hau sinbolikoki ere garrantzitsua da, bere herriko politika egoeraren miraila baita. Haider gobernuan sartu denetik etorkinak sekulan baino gaizkiago hartuak baldin badira ere, Sofa Surfers-ekoek mota guzietako gomitei harrera ezin hobea egiten diete eta hitza ematen, elkarrizketa aberasgarri batzuen sortzeko. Elkartze bat baino gehiago…
 
Fred Berruet