2007/09/28

Black Rebel Motorcycle Club "B.R.M.C." (2001)

Berria iaz jakin genuen : rock’n’roll-ak ere Estatu Batuak erasotzea erabaki du. The Strokes eta White Stripes taldeek New-York eta Detroit hartu ondoren, hara nun Black Rebel Motorcycle Club hirukoteak Los Angeles (eta gehiago ere) irentsi behar duen. Baina kasu, Stooges-etik Velvet Underground-eraino, azken 30 urte hauetako rockaren historia ederki ikasi baldin badute ere, gure moto gidariek ez dituzte bakarrik beren arbasoen errezetak zozoki errepikatzen ! Rock’n’rollari, aspaldi xekatzen zuen arnats berria ematen diote. Horrela, taldearen izenburu bera daraman lehen disko honetan, beren kluba uste baino irekiagoa dela frogatzen duten hamalau kantu bildu dituzte. Ilunak eta zikinak, bainan indartsuak eta ederrak. Gitarren gibelean, dotoretasuna. B.R.M.C.-ko partaideen hitzetan “Rock’n’rolla, ez da bakarrik musika. Izpiritu bat da.” Baina ez pentsa erakaspen ematera heldu zaizkigunik. “Ez dugu ikurra bakar bat astindu nahi. Ez gara Ramones. Leku desberdinetan sortu hiru sasikume gara eta ondorioz gure musika ere, sasi-musika da. Eragin desberdinak ohargabe nahasten dituena.“ Zalantzarik ez, bakoitzak badu bere tokia klubean, beraz igan (zamar beltzarekin hobe…) eta abia. Moto hauek ez dira oraino gelditzekotan. Garaipena erdietsi arte.
Fred Berruet