2007/09/27

Fugazi "The Argument" (2001)

Fugazi-k beti uko egin nahi izan dio kontsumisio gizartearen diktadurari, eta azken 15 urte hauetan, intsumisioaren eta independentziaren ikurrak gora astindu ditu. 1988an beren lehen diskoa grabatu zuenetik, taldeak errespetu handia lortu du bere jarrera eta musikari esker, “emocore” (beste batzuek “post-harcore” deitzen dute...) estiloaren eta “Straight Edge” mugimenduaren erreferentzia nagusia bilakatzeraino. Sonic Youth-eko lagunek bezala, Washingtongo laukoteak ez du bertze taldeen musikaren beharrik garatzeko. Berak ditu bertzeak elikatzen. Hori kontutan harturik, alferrik da iraultza baten xekatzea bere musikan, hastapenetik berezko soinua lortu baitzuen. Hala ere, ez da sekulan lokartu, eta denborarekin, bere estiloa etengabe txukuntzen aritu da. “The Argument”-ek aitzinekoen osagaiak biltzen ditu, baina lehen grabaketetako haserre zakar hura, barnatuagoa eta landuagoa agertzen da hemen. Lehen doinuetatik (sartzea alde batera utz dezagun...), “Cashout”-ek, “Full Disclosure”-ek edo “Epic Problem”-ek, “In on the kill taker” (1993) ikaragarri hartako indarra oroitarazten digute eta erakusten Ian Mackaye-ek eta bere lagunek entzulea kokatzeko duten gaitasun aparta : taldearen musika ezagutzen ez duena galdua gertatzekotan bada ere, jarraitzaileak aitzineko lanetako momentu goxoenak berreskuratuko ditu. Diskoa aitzina joatean, “End Hits”-en (1998) arrastoak kausi daitezke eta “Oh” edo bereziki “Ex-spectator” kantuek “Repeater” (1990) maisu lanaren soinua gogorazten digute. Erran daiteke bai, “The Argument” pop disko bat dela, baina Pixies-ek egin zezakeen pop disko bat. Bat-bateko disko bat dugu, teknologia berrien garai honetan, gitarrak oraino bizi direla aldarrikatzeko. Erakusten du amorrua hezitzea ez dela ezabatzea, azkartzea baizik, eta zorroztasuna irabazten du, indarrik galdu gabe. Fugazi-k aspaldi frogatu zuen garai honetako ezinbertzeko taldea dela, eta Argumentu hau azken sinesgogorren biltzeko nahikoa izanen da, segur.
Fred Berruet