2007/09/14

Grand Corps Malade "Midi 20" (2006)

Midi 20 disko berezia da zentzu guzietan. Grand Corps Malade ez da musikaria, ez da kantaria eta ez da rap-laria. Slam-a egiten du. Normalean, slamlariek ez dute diskorik egiten, zuzenean ari dira bakarrik. Grand Corps Maladek disko bat egin du eta bere testu batzuei musika ezarri die. Ez da beraz arrunt slama edo hobe erran, slama baino gehiago da. Paris ondoko Saint-Denis hiritik datorren artista honen diskoa lehen aldikotz entzuten delarik, Fabienen ahotsak liluratzen gaitu. Ahots apala, lasaia eta sakona, era berean goxoa eta ozena. Bere herriko telefono izendegia errezitatuko balu, bikain eginen luke, baina, Saint-Denis slamean, hori baino askoz hobe egiten du. Bere slamak eguneroko biziaren lekukotasunak dira. Hitzek jostatzea gustuko dute eta beti zuzenak eta egokiak dira. Alegia deus ez, Fabienek filosofia, olerkiak, erreportajeak, egunkari intimoa, hori guzia egiten du. Argiki baina debaldeko zarata handirik gabe. Kontatzen duen guzia bere begiekin ikusia du. Midi 20 honekin, badirudi 28 urteko mutil honek mende berri honetako poesia nolakoa izanen den asmatu duela.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet