Steve Albinirekin grabatu Western Sous La Neige minimalistaren ondotik, Dionysos taldeak askoz ere apainketa gehiago baliatu ditu Monsters In Love honetarako. Lan berri honetan, zuzeneko soinu anitz topa daitezke, bai eta mota askotako doinuak ere: biolinak, sanpler-ak, ordulari baten etengabeko tik-tak erritmoaren soinua, txilina bat eta beste bitxikeri franko, hala nola ‘sanglophone’ deitu instrumentu bitxia esate baterako. Taldearen musika soinu-tresna eder batzuez apaindua baldin bada ere, (ar)-roka bezain gogorra gelditzen da beti ere. Disko honetan sartzen gara, beldurrezko filma bat ikustera joaten garen bezala. Izan ere, musika hau hobeki preziatzen da begiak itxirik. Honekin aski ez balitz, Valence aldeko neska-mutilek ohorezko gomitatuak ukan dituzte ere: adibidez, The Kills taldea ezagut daiteke Old Child kantuan. Bai jauna! Dionysos-ek rock and rolla egiten du musika mota hori entzuten hasi ginen garai hartan bezala: sekulako gogoarekin, aurreiritzirik gabe, hierarkietaz, bertzeen oharretaz, eta arauetaz axolatu gabe. Heziketa baino irudimen gehiagorekin. Eta horrela, pixkanaka-pixkanaka, rock frantziarraren mundutik urruntzen ari da, rockaren mugak apurtuz, bere unibertso pertsonala sortzeko.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet