2007/09/12

Air "Talkie Walkie" (2004)

1998an Moon Safary atera zuelarik, anitzek uste zuten Air-ek bizi iraupen laburra izanen zuela. Agertu bezala desagertuko zela alegia. Oker zeuden. Alabaina, azken urteetan eskaintza gehien ukan duen frantses taldea da Air. Virgin Suicides-en soinu banda ahaztezinetik, Alessandro Baricco idazle italiarrarekin egin elkarlanera, bereziki Estatu Batuetako grafisten, bideo-egileen, zinema-egileen, moda sortzaileen, aktoreen edo musikarien kuttunetan sartzea lortu du. Orain hiru urte kaleratu 10 000Hz Legend lanarekin alderatuz, hirugarren disko ofizial honetan Nicolas Godin eta Jean-BenoƮt Dunckelen kantuek egitura klasikoagoa dute. Giro akustikoa nabari da, bi musikarien arteko elkarrizketa intimista bailitzan. Lehen ez bezala gainera, oraingoan kantu gehienetan ahotsak berek ezarri dituzte. Hori bai, frantsesak izan arren, poparen hizkuntzan, ingelesez, abesten dute. Zati instrumental bakanek Virgin Suicides-en histura goxoa gogoratzen dute eta Lost In Translation Sofia Coppolaren filma berrian ere, Talkie Walkie hau ixten duen Alone in Kyoto zoragarria entzun daiteke. Pop formatuaren aldeko apustua eginez, Versailleseko bikoteak orain arteko disko borobilena kaleratu du. Lurretik urrundu eta aireratzeko antidoto aproposena.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet