Badu orain 3 urte Lukek La Vie Presque pop bilduma dotorea plazaratu zuela. Eragin anitz ukan arren, lehen disko hark pop ingelesaren kutxu nabaria zeukan. Hainbesteraino non kantuen indarra eta bizitasuna agertokian baizik ez ziren preziatzen ahal, diskoko orkestrazio oparoetatik urrun. Taldea itzultzen da La Tête en arrière lan berriarekin, formazio berri batekin (abeslaria da hasieratik dagoen kide bakarra) bai eta soinu berri batekin ere. Hasierako detaileei muzin eginez, bigarren diskoan talde anitzen hondamena ekartzen duten pop uhinak idortuz, taldeak eskas dugun Noir Désiren akorde zorrotzak dakarzkigu gogora, rock zuzen eta eraginkor honekin (Hasta Siempre, Petite France). Baina Lukeren influentziak Bordale baino urrunagotik datoz. Hala nola, La Sentinelle single arrakastatsuak Queens Of The Stone Age zoragarrien bizitasuna dauka. Lehen laneko teklatu prestuek gitarra eroei egin diete lekua, kantuen dotorezia galdu gabe haatik. Bestalde, Thomas Boulard-en hitz zorrotzak eta gordinak laguntzen dituzten melodiak bezain sukartsuak dira. Zauriak gordetzen saiatzen den frantses mugimendu intelektualetik aldenduz, Luke, Miossec, Murat edo Calirengana hurbiltzen da, artista kolpatuen eta erakargarrien taldean sartzeko.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet