Bi mila eta batean Quiet Is The New Loud miresgarriarekin muga guziak apurtu ondoren, Kings of Convenience bikote norvegiarra Riot on an Empty Street-ekin itzuli da. Lehen lan hartako aberastasuna egin zuten osagai berak hartu baldin badituzte ere (giro eztiak, bossa ikutuak eta azaletik hunkitu gitarrak), Simon & Garfunkel berrien musika lehen baino apainduxeagoa agertzen da hemen, tronpeta eta banjo baten presentzia lekuko (Sorry Or Please). Moldaketak aski arruntak dira (pianoa, gitarra, kontrabaxua, soka sekzioa), inolaz ere ikusgarriak. Baina nonbait, KOC-ek sekretu bat dauka. Izan ere, egiazko emozioa sortzen da bere pop inozo eta prestutik. Horrela, Homesick-ek eta bereziki Feist lagunarekin eman Know-how zoragarriak bete-betean hunkitzen gaituzte. Diskoa oso lasaiki hasten da baina pixkanaka-pixkanaka erritmoa bizkortzen da, Love Is No Big Truth eta batez ere I’d Rather Dance With You abestietan Royksopp-en bizitasuna lortzeraino. Ekaitzaren ondotik ordea, taldeak hasierako baretasun naturala berreskuratzen du, berriz ere Feist-en ahotsa lagun duela (The Buil Up). Bertze behin ere Kings of Convenience-k disko borobil aparta eskaintzen digu, gustu akats izpirik gabe. Eguna irribarretsu hasteko disko aproposa.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet