2007/09/09

Bloc Party "Silent alarm" (2005)

Londreseko laukote honek den-dena ederki planifikatu du –zuzeneko emanaldi gozagarri batzuk barne– lehen iraupen disko hau argitaratu arte. Iaz Franz Ferdinand-ekin gertatu bezala, badirudi Kele Okereke-k eta bere lagunek aurtengo rock fenomeno nagusia izateko osagai guziak badituztela. Egia da Silent Alarm azken hogeita hamar urteetan rockak eskaini dituen gauza hoberenen bilduma paregabea izan daitekeela. The Cure, The Pixies, Blur, Fugazi, New Order, At The Drive In eta beste asko gogora heldu zaizkigu disko hau entzutean. Baina zerbait pentsarazten digu Bloc Party Franz Ferdinand baino denbora gehiago egonen dela gure gogoetan (eta gure CD irakurgailuetan). Hotsaldatze anitzeko ahotsa, gitarra ezinegonak, suge antzeko baxua, bateria gupidagabea eta batez ere melodia eraginkorrak sortzeko gaitasun aparta du talde honek. Gainera, sekula ez da atzerakoia agertzen, eta handinahirik gabe dago geroari begira. Bloc Partyren borroka orain hasten da eta ez da amaitzekotan. Ez horixe.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet