2007/09/08

Mylo "Destroy Rock'n Roll" (2004)

Mylo eskoziarraren musika bero eta eguzkitsua entzun ondoren, zaila egiten da sinestea diskoa lur busti eta huts hartan egina izan dela. Edo leihorik gabeko gela batean egina izan da bestela, berak bere eguzki propioa egitea erabaki balu bezala. Egia erran, eguzki horren izpiak Eskozia baino askoz urrunago heltzen dira, Europa guzia berotzen lortu baitute jada. Mylo artista andana bati konparatua izan da: Daft Punk, Air, Moby. Ez da gutxi. Egia da, Daft Punk-ek bezala, dantzalekuetako aproposak diren kantuak egiten badakiela, baina disko hau anitza da. Horretan da bere indarra. Aspaldian entzun dugun elektro disko gozagarriena da ere. Beste anitzek ez bezala, Mylok ez du mugarik onartzen, ongi pasatzea da balio duen bakarra. Disko hasierak engainatzen gaitu, Valley Of The Dolls biziki garbia eta klasikoa agertzen baita, eta Sunworshipper-ek Electro chic-aren karikatura bat iduri baitu. Baina besta ondotik hasten da, Muscle Cars dantzagarriarekin. Gero, Drop The Pressure singlea agertzen da eta Mylo fenomenoa ere bai. Orduko, ihes egitea ezinezkoa da. Zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gehiago gustatzen zaigu. Zepoan hartuak gara. Atzerabiderik ez da.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet