2007/09/02

Just Jack "Overtones" (2007)

Londreseko artista hau entzuteko parada baldin badugu egun, seguraski Elton John jaunari esker da. Alabaina, 2002an Just Jack-ek The Outer Marker lehen diskoa kaleratu berri zuela, lehen harribitxi hura argitara eman zuen diskoetxea itxi zen. Hortik aitzina, I’m Still Standing edota I don’t wanna go on with you like that kantuen egilea ezker eta eskuin Just Jack-en fama hedatzen ibili da bere kabuz. Bost urte geroago hemen da beraz Overtones bigarren grabaketa. Abesti bat edo beste kenduta, badirudi oraingoan arrakastaren bidea zabal-zabalik daukala, Glory Days bezalako kantu eraginkorrek erakutsi bezala. Jack Allsopp-en ibilbidea arrunt atipikoa da. Arte grafikoak eta margolaritza zituen gustokoen, hip-hopa eta gero house mugimendua ezagutu zituen arte. Orduan hasi zen bazter guzietan DJ moduan ibiltzen. Writer’s Block singlearen harpa liluragarritik bukaeran gorderik dagoen Koolaid house abestira, Overtones-ek azken hamabost urteetako musikaren urrats guziak zeharkatzen ditu gustu eta estilo handiz. Massive Attack-en dubaren koloreak, Beck-en hip-folkarenak, Phoenix-en pop bizia (Starz in their eyes), The Streets oroitarazten duen hiritar giroko storytelling apur bat… Elton Johnen musika entzun gabe ere, aholku baliagarriak ematen dituela ezin uka. (www.myspace.com/justjackuk)

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet