2007/09/02

Outkast "Speakerboxxx/The love below" (2003)

Outhernplayalisticadillacmuzik (1994), ATLiens (1996), Aquemini (1998) eta Stankonia (2000) lanak atera ondoren, disko baten denboran, Outkasteko bi buruak banatu dira.Grabaketa bikoitz honetan beraz, bakoitzak nahi duena egiteko askatasuna izan du: rap eroa Big Boi-ek; soula, free jazza eta popa Dré 3000-k. Lehen entzunaldian, emaitzaren kalitatea neurtzea zaila da, baina zenbat eta gehiago entzun, orduan eta errazago agertzen da maila handiko lan baten aitzinean gaudela. Big Boiek, Society of Soul kolektiboaren laguntza ukan du Speakerboxxx osatzeko. Haiekin, baxu lodian eta haize sekzioetan oinarritzen den soinu indartsua lortu du, bai eta elektronika organoekin ederki ezkonarazi ere (Guettomusick). Hala ere, Dré 3000k eskaintzen digu lanaren alderik interesgarriena. The Love Below-en , raplaria itxuraz aldatzen da. Izan Norah Jones edo Kelis-ekin, Drék kantatzen du, xuxurlatzen du eta freskotasun ikaragarriko doinuak sortzen ditu. Free jazz ukituak lagun, Outkasten bigarren aurpegi honek marka guziak hausten ditu, dantzalekuetan bezala ganbaretan edo autoetan sar daitekeen disko bat eskainiz. Baitezpadakoa esperientziak gustuko dituztenentzat.

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet