Ian Parton-ek, The Go! Team taldearen buruak, amets bat dauka. Emozio guziak sortuko lituzkeen kantua entzutea. Kantu epikoa, erromantikoa, indartsua, sintetikoa, samina, alaia, esperimentala, dantzagarria, gozoa eta eroa entzun nahi luke. Kantu berean hip-hop, rock eta pop doinuak nahi lituzke. Hori lortzeko, The Go! Team egitasmoa sortzea erabaki du. Ingelesa ez da gaztetxoa baina MP3a sortu aitzin bere iPod pertsonala bazeukan: bere burmuina. Thunder, Lightning, Strike lehen lanak bidea erakutsi zuen: bihurgunez beteriko bidea, haustura zakarrak, nahas-mahas handia... Baina melodia itsaskorrek batasuna egiten lortzen zuten. Proof of Youth jende gehiagorekin grabatua izan da, baldintza hobeagotan, aitzineko lanaren salmentei esker. Oraino pixka bat galtzen gara bideetan, jostatzen gara, baina hemen oreka gehiago bada, erritmoa ez da hain nekagarria, melodiak inoiz baino eraginkorragoak dira, distortsioek musika zatiak apaintzen dituzte, kargatu gabe haatik. Motown diskoetxeko estiloaren, Public Enemy eta My Bloody Valentine taldeen artean, The Go! Team bigarren disko landuago batekin dator. Hori bai, jai mundiala antolatzeko hasierako gogo berberarekin.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet