2006an, Sigur Rós taldeak erabakitzen du biratxo bat egitea bere sorterrian, hots Islandian, publizitaterik egin gabe eta kontzertuak urririk, ezohiko tokietan emanez : leize edo lantegi batzuetan, bai eta Reykjavik-eko plaza nagusian, adibidez. Ondotik, alde batetik, Heima DVDa eta bestetik Harvf / Heim EP bikoitza atera dituzte 2007an. Bi partetan banatzen den Epak zuzeneko akustiko horien zatiak eskaintzen ditu, taldeak ohikoa duen giro gozo eta ameslari horri ohore eginez. Gitarra elektrikorik gabe, Sigur Rós ia-ia biluzik agertzen zaigu hemen. Txalo hotsak ere desagertu dira bildutasun inpresioaren areagotzeko. Taldearen kantu zoragarriek, ohi baino idorragoak, arinagoak eta hauskorragoak dirudite. Piano eta biolin ukitu batzuek apainduak, abestiek hegal egiten dute ametsetan jartzen gaituen lirismo dotore batean, bere herriko hizkuntzan nahiz hizkuntza ezezagun batzuetan abesten duen taldearen ahots poetikoak bezalaxe. Sigur Rós sekula baino lasaiagoa agertzen da, mozorrorik gabe. Harrigarria da entzutea nola taldearen musikak beren jaioterriaren ezaugarriekin bat egiten duen. Bigarren diskoak, argitaratu gabeko kantuak edo bertsio ezberdinak eskaintzen dizkigu. Soinu banda aproposa ametsetan loak hartzeko edo ihes egiteko.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet