2007/08/05

PJ Harvey "Let England shake" (2011)

Bere ibilbideko hogei urtetan, PJ Harvey-k inoiz ez du kale egin. Aparteko ibilbidea egiten ari da, bi aldiz gauza bera errepikatu gabe eta erraztasunean erori gabe. Egia da ingeles rockeroak disko korapiltsu batzu kaleratu dituela, besteak baino gutxiago entzun ditugunak. Baina denek aurrera egiteko balio izan diote, “Dry” sutsu hura atera zuenetik hautatu bide neketsu horretan. 2007an grabatu zuen, behar bada bere diskografiako lanik harrigarriena, benetako itxuraldatze bat erakusten zuen “White Chalk” ederra. Bertan, bere kitarra zorrotza eta blues woman kanta era indartsua utzi eta piano nahiz harpa baten laguntzaz, bere zalantza eta beldur intimoen gana hurbildu zen. Orduan, ziklo baten ixteko beharra izan zuen, bere ikerketa, bilaketa eta galdeketa hobeki jarraitzeko. “White Chalk” dotore haren egiazko jarraipena den “Let England shake” honetan, ingles nekaezinak beste behin ere lurralde ezezagun batzuetara eramaten gaitu. Hitzak hiritarsunaz ari dira eta bere herriaren historia ilunean murgiltzen gaituzte. Gai astuna izan zitekeen baina ez. Gaia inspirazio iturri aparta bilakatzen da eta hortik, musika askatasun paregabea jalgitzen da. Bere pop melodia epikoekin, kabalkada suharrekin, pastoral sinfonia txikiekin, disko serioa izanik ere, “Let England Shake” honek edozein pertsona pozik jartzeko gaitasuna dauka, Kate Bush-ekin batera, diskotik diskora, PJ Harvey ingeles rockaren emazte handienetan dagoela frogatuz.

Fred Berruet