2007/08/06

The Kills "Blood pressures" (2011)

Bat-bateko arrakasta, musika egitasmo paralelo bat Alison Mosshart-entzat, neska lagun famatu bat Jamie Hince-rentzat : The Kills taldeak burua galtzeko behar zen guzia zeukan. Edo bederen, “Midnight Boom” aitzineko diskoko maila ez lortzeko arrisku handia. “Blood Pressures” hau irekitzen duen “The Future Starts Now” lehen abestitik, somatzen da aldizkarietako lehen orrialdeek ez dutela taldea desorekatu. Berdin du Alison Mosshart Jack White eta Dead Weather-ekin aritzea edota Jamie Hince Kate Moss-ekin ibiltzea : bi hauek estudio batean biltzen direnean, kupidarik eta kontzesiorik gabe izan ohi dira. Beren orain arteko soinu zikina plazer handiz aurkitzen dugu hemen ere, baina ez hori bakarrik. “Blood Pressures” abestiz-abesti indartzen doan makina bat da. Bikoteak “Midnight Boom”-ekin hasitako lana jarraitzen du. Esperimentazioak mantso hasten dira, baina Jamie Hince-ren ahotsarekin datorren “Wild Charms”-ek haritzen gaitu, bai eta "Last Goodbye" baladak ere. Nola demontre lortzen dute bien artean, halako izerdi usaina duen musika bat, diskoa entzun ondoren oraindik luzaz buruan egoten den soinu berezi hori ? Disko honek inkoherentzia batzu baditu bai, bereziki aurreko lanean abestiak bat besteari nola bikain lotzen ziren gogoan dutenentzat. Baina, ez ote da hobe alkoholaren eta tabako hotzaren usaina daukan rock bikote bizi bat, abestiak perfekzioraino moldatzen dituen talde motel bat baino ?

Fred Berruet