Fred Berruet
2007/08/07
LCD Soundsystem "This is happening" (2010)
Gauza berriak asmatzea, lehengo errezetak errepikatu gabe. Talde gutxik lortzen dute hori eta askotan entzuleak disko bat beste batetik desberdintzeko zailtasun handiak izaten ditu. Hori kontutan harturik, LCD Soundsystem-en "This Is Happening" disko berria guztiz harrigarria gertatzen da. Izan ere, beren betiko errezetan oinarrituz, zerbait berri eskaintzeko gai izan dira.
Taldea eremu ezagunetan ibiltzen da : post-punk abesti bat hemendik (Drunk Girls), balada hipnotiko bat handik (Somebody's Calling Me), crescendo joaten den abesti bat ere (All I Want) ; hala ere, bai melodiek, bai emozioek, den-denak freskoa eta berria iduri du. Ez hobea ala txarragoa, desberdina baizik. Formula hori James Murphy-ren zintzotasunean eta musika kulturan oinarritzen da, bai eta elkarrenganik urrun diruditenak uztartzeko daukan gaitasunean : rocka disco-arekin, punk-a funk doinuekin, iragana geroarekin…
Bestalde, Murphy-k akorde arruntenak kantu hipnotikoak bilakarazteko daukan gaitasuna miresgarria da, bai eta bere soinu ekoizpena. Hala ere, talde guzia garatu da hemen, bereziki ahotsen eta melodien aldetik. Horrela Pow Pow abestiak dantzan jarriko gaitu, I Can Change-ek kantuz, eta diskoa ixten duen Home epikoak ametsetan. Ados, oraingoan New-Yorkarrek ez dute iraultzarik sortu, baina You Wanted a Hit bezalako himnoak entzunez, taldearen lan borobilenaren aitzinean gaudela iduritzen zait.