Badu orain urtea The Rapture taldearen lehen oihartzunak entzun genituela munduko dantzaleku gehienak hankaz gora jarri zituen House of Jealous Lovers bonbari esker. Geroztik, taldeak lanean jarraitu du eta bere lehen iraupen luzeko diskoa karrikan du jada. Echoes, elektronika, punka, funka, rocka eta jazza lotsagabe elkartzen dituen 47 minutuko nahasketa etengabea da. Energia handiko lana. Horrela, Olio edo I need your love zatiek elektronika eta new wave doinuak gupidarik gabe nahasten dituztelarik, The coming of spring-ek edo Echoes-ek post-punkaren indarra berreskuratzen dute. Open up your heart-ek eta Love is all-ek 70. hamarkadako soinua oroitarazten duten bitartean, Kills-ek breakbeat basatiena jaurtitzen du. Hala ere, diskoak ildo finkoa dauka. Erran daiteke, rock-zale batzuek egin house musika dela, ala house-zale batzuek egin rock&rolla. Zuk hauta… Jeff Buckley eta Robert Smithen ahots doinuetatik hurbil, Gang of Four, Pil edo Radio 4 bezalako taldeak gogoan, The Rapturek melodia errezez baina konpromisorik gabeko kantuez osatu lan borobila grabatu du, DFAkoen laguntza preziagarria ukan duelarik grabaketarako. Zalantzarik gabe, Echoes honen oihartzunak ez dira oraino isiltzekotan.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet