2007/08/25

Zongamin "Zongamin" (2002)

Bere lehen diskoarekin, Zongamin japoniarrak bidaia elektroniko bat egitera gomitatzen gaitu. Izan ere, Susumu Mukais Zongamin Osakan sortu baldin bazen ere, gaur egun Londresen bizi da. Eta egia erran Europara egin ibilaldi horretan eragin musikal anitz bildu ditu lehen lan aberats honen osatzeko. Horrela, elektro-rockaren aztarnak aurki daitezke Make Love Not War edo Whiplash bezalako doinuetan, funkarenak Spiral-en, edo disco-arenak Tunnel Music zati dotorean. Hemen ezer ez da falta: entzun bestela diskoa ixten duen Mummies elektro ipuin goxoa. Lan osoan zehar, Zongaminek melodia kuttunak eta ezbairik gabe dantzalekuek gogoko ukanen dituzten indarra eta bat-batekotasuna ezin hobe batzen ditu. Bertzalde, azpimarratzekoa da egiazko musika tresnak ere baliatu dituela, Miles Davis, David Bowie edo Prince bezalako artisten kantu mitikoak errukirik gabe nahasten dituen bitartean. Disko honen 12 doinuek Ekialdearen eta Mendebalaren arteko mugak kolpez kolpe hausten dituzte. Estreinako lan batentzat ba al da gehiago eskatzerik?

Kronika entzun.com webgunean

Fred Berruet