Gitarren eta makinen artean hautatu gabe, laugarren disko honekin Placebo-k zuzen eta gogor jotzen du. Izan ere, Jim Abbiss (DJ Shadow, U.N.K.L.E) ekoizleak bultzaturik, Black Market Music (2000) aitzineko lanean baino oreka hobeagoa lortu du elektronikaren eta rockaren artean. Goi mailako laguntzaile honen lanari esker, makina gehiago daude bai, baina gitarra gehiago ere bai. Ondorioz, hirukotearen soinua loratu egin da. Tentsioa ez da hasierako diskoetan bezain nabarmena, baina momentu berean, abestiak ez dira Black Market Music-en bezain mekanikoak. Izan ere, Sleeping with ghosts diskoak Placebo (1996) eta Without you I’m nothing (1998) hastapeneko grabaketen oldar melodikoa eta malenkonia amorratua berreskuratzen ditu, eta soberan dauden baladak alde batera utziz, This Picture, Second Sight edo Bitter End bezalako kantu ikaragarri batzuk uzten dizkigu. Gainera, abestiak lehen baino landuagoak agertzen zaizkigu, eta lehen entzunaldian melodiak nagusitzen badira ere, ondoko entzunaldi bakoitzak ezustekoa ematen du (Special Needs, English Summer Rain). Azken lan honekin, Placebok frogatzen du ederki ulertu duela rockaren munduan aitzina ez joatea atzera joatea dela, eta sekulan baino gehiago, mundu guziko Top Gazteen eta musika alternatiboaren arteko zubiak eraikitzeko prest dagoela argi uzten du. Eta ez da guti.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet